Asier Blas ARGIA aldizkarian

Wesley Clark jeneralak kontatua du 1991n Paul Wolfowitzekin izan zuen elkarrizketa, politika militarrerako Defentsa idazkariordearekin. Clarkek esan zion: “Nahiko pozik egon behar duzu armadak Desert Storm operazioan izan duen portaerarekin”; (1991n AEBek Iraken aurka egin zuten erasoa izan zen). Wolfowitzen erantzuna epela izan zen: “Tira bai, baina ez, egia esan Saddam Husseinez libratu behar ginen eta ez dugu egin. Halere, gauza bat ikasi dugu, gure armada erabili dezakegu Ekialde Ertainean eta sobietarrek ez gaituzte geratuko. Hurrengo superpotentzia agertu aurretik, bost eta hamar urte artean dauzkagu sobietarren bezero diren erregimenak garbitzeko: Siria, Iran eta Irak”.

2001ean Clark jeneralari esan zioten zazpi herrialde hartu behar zituztela bost urtetan: Afganistan, Irak, Somalia, Sudan, Libano, Siria eta Iran. Ordurako Dick Cheney defentsa idazkariaren ondokoa zen Wolfowitz. Planak ordea, aldrebestu egin ziren. 2003ko Iraken aurkako gerra, nazioarteko legedia hautsiz Mendebaldeko herrialdeen arteko kontsentsua apurtu eta mundu osoan sekulako protestak eragin zituen gerraren aurka.

AEBek estrategia berrantolatu behar izan zuten. Taktika berria 1996an Richard Perlek (defentsa idazkariordea izandakoa) gidaturiko ikerketa talde batek Benjamin Netanyahurentzat eginiko A Clean Break: A New Strategy for Securing the Realm dokumentuan agertzen da: Ekialde Hurbileko erregimenak ezegonkortzeko estrategia proposatzen zen, adibidez, era esplizituan esaten zen Israelek Siria eraso behar zuela proxyen bitartez.

Delegaturiko gerraren estrategia lehenengo aldiz Libian jarri zen martxan eta ondoren Sirian. Gaur froga asko ditugu jakiteko muturreko islamistak nagusiki AEBek, Turkiak eta Israelek babestu eta armatu zituztela. ISISek aldiz, Saudi Arabiaren eta Qatarren zuzeneko laguntza izan du, eta AEBen, Israelen eta Turkiaren kolaborazioa momentu batean edo bestean. Bestalde, nazioarteko legedia hautsiz, besteak beste, Frantzia, AEB, Israel, Turkia eta Australiak bonbardaketak egin dituzte Sirian. Damaskok akabatua zirudien, baina hor agertu ziren Iran eta batez ere, Errusia, biak nazioarteko legeak errespetatuz. Errusiaren esku-hartzeak gerraren norabidea aldatu zuen Damaskoren alde. Ondorioz, ezinbestean oinak lurrean (boots on the ground) jarri behar izan dituzte siriar gobernuko etsaiek. Une honetan hiru armada daude Siriako soberania hausten: AEB, Turkia eta Israelgoa. Hiru herrialdeek base militarrak dituzte herrialdean eta gerra operazioak egiten dituzte, argi geratuz hasieratik non dagoen Siriako gerraren iturburua: esku-hartze inperialista.

Turkiak Afrineko kurduak erasotzen ditu bere ejertzitoarekin eta muturreko islamistekin, azken hauek Damaskoren aurkako gerra jarraitzen dute. Israelek ia egunero erasotzen du Siria, AEBek berriki ehun siriar soldadu baino gehiago hil dituzte eta bitartean, herrialdean bere base militarrak zabaltzen jarraitzen du kurduen laguntza eta babesarekin (10 urterako akordioa sinatu dute). Horregatik, kurduen eta iparramerikarren arteko aliantzak gutxi gorabehera, Siriako lurraldearen herena kontrolatzen du. Lur eremu horretan kurduak ez diren eskualde eta herri asko daude, baina Washingtonek begi puntuan jarri zituen ura, gasa eta petrolioa dutelako, lehengai klabeak Siria ekonomikoki ez bideragarri egiteko. Azkenean, AEBek 2003an Iraken egin zutena beste modura batera egiten ari da Sirian, baina oraingoz emaitza oso antzekoarekin: herrialde bat suntsitu du, bere lehengaiak kontrolpean hartu eta gutxienez dozena erdi bat base militar jarri ditu. Hori gutxi balitz, hori guztia egin du garai batean gerraren aurka agertu ziren askoren konplizitate aktiboarekin edo isiltasunarekin.